literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.827 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

Nontzeberri, 2011-05-26
[iturburua]
Paddy Rekalde:
«Literaturak beti eduki behar du puntu errebeldea, bestelako bideak bilatzearen lilura»

Spray du izenburua Paddy Rekalderen poema liburu berriak. Memoria garela dio egileak, “inoiz ixten ez den oroitzapen bilduma bat, zer garen zehazten digun akordu meta”. Liburu osoan zehar, maitasuna, gerra eta borroka, musika eta literatura gaiak jorratzen ditu Paddyk. “Poesia irakurri eta arnasaren eten moduko bat sentitzea bilatzen dut, haserrea dela eta, gozotasuna dela eta, amodioa dela eta, plazera dela eta…” dio egileak.
Eskuartean hartu dugu bere liburua eta galdezka hasi gatzaizkio.

Zerbait sentiaraztea (hunkidura, emozioa,..). Horra hor zure lan berriaren helburua.

Bai, oso emozionala, oso pasionala sentitzen naiz, beraz hunkitzen nauten kontuak edota haserrea eragiten didatenak ekartzen ditut poesiara. Saiatzen naiz bizitzaren alderik “beroenak, gordinenak, humanoenak…” azalarazten, irakurlearen barrenak (bihotza zein burua) jo ahal dituen “punch” hori bilatzen.

Sinpletasunaren aldeko aldarria ere egin duzula nabaritzen da. Gauzak bere gordintasunean esateko beharra sentitu duzu?

Nire literatura, berez, nahiko narratiboa dela esango nuke eta hortik etorriko litzateke neurri batean sinpletasun hori. Ez naiz metaforak eta halako jokoak erabiltzearen zalea, uste dut horrek guztiak nahastu egiten duela irakurketa… nahastu, zaildu, itxi eta, agian, liburua bertan behera utzi.

“Memoria gara”. Zer adierazi nahi izan duzu horrekin?

“…ez naiz ezer ez bada bizi izan naizena, oroitzen dudana…” dio Mirenagur Meabek poema batean, eta nik uste hortik doala kontua, alegia, nondik gatozen, zer bizi izan dugun eta horrek guztiak markatzen duela erabat bizitzaren gure ikuskera, munduaren aurrean gure izaera. Fallen Angels poeman halaxe saiatzen naiz esplikatzen… “nondik gatozen jakiteak lagundu dezake-eta nora goazen zalantza horretan”.

Eta gero oroitzapenak, atzera-begirakoak eta bizi izandakoak. Garrantzi handia izan dute zure literaturan eta ezinbestekotzat jotzen dituzu idazterakoan? Espazio horretatik abiatzen zara?

Oroitzapenen kontua ez da inondik inora iragana laudatzeko kontua, ez da nostalgia, ez da utzi dugunari begirako negarra, ez, kontrakoa, aurrekoan aipatu bezala, iragan horrek markatu digu izaera, ikuskera, eta egungo kontuak ulertzeko makina bihurtu da.

Eta beste aldetik, Spray. Zer dela eta titulu hau? Zer ezkutatzen du titulu horrek?

Orain urte batzuk poema bat horma batean sprayez idatzita ikusi nuen eta gustatu zitzaidan kontua. Gero haren inguruan ibili naiz hausnartzen, kalea bera zelan izan daitekeen halako “liburu berezi” bat Botereak hustu dizkigun kale hauetan. Haren inguruan idazten hasi eta halako “manifestu” moduko bat atera zitzaidan gura barik non, batez ere belaunaldi berriei begira, aldarrikatu nahi nuen bestelako literatura bat, botere zein literatura adituen(?) bedeinkapenaren zain ez dagoena, mass-mediaren babesa baztertu egiten duena, kanon ofizialetatik alde egiten duena… Nik uste literaturak beti eduki behar duela puntu errebelde hori, bestelako bideak bilatzearen lilura hori.

Poema askoren doinuak, giroak, hatsak,… aldarrikapen, salaketa, hausnarketa edota testigantza baten geografia osatzen dutela iruditu zaigu.

Bai, orokorrean hori bilatzen saiatu naiz, hausnarketa zein emozioa dakartzaten testigantza horiek, poesia ez dadin lore joko hutsa, mezu hermetikoa izan; bai, berriz, oinazearen salaketa, gezurraren mozorroa eranztea, amodioa eta minaren berri ematea… poemaren lerro horiek joan daitezen bihotzera, eta handik hausnarketa bihurtu.

Poemategia hiru zatitan banatu baduzu ere, esan ahal da banaketa horren gainetik gailentzen den hari bat badagoela?

Ez dago gai zentralik, bai, ordea, lehen aipatu ditudan emozioa eta hausnarketa lotu nahi dituen haria, alegia, azaleko bizitzatik urrundu eta haren barrunbeetan sartu.

Hemendik aurrera liburuak bere bidea egingo du. Bide horretan lagunduko diozu irakurraldiak egiten edota emanaldiren bat prestatzen?

Bai, lehenengoa Larrabetzun egingo dugu, Literaturian, ekainaren 5ean, eta handik aurrera uste dut uda osterako utziko ditugula, irailetik aurrera, beti bezala, Gotzon Garaizabalek eta Peru Magdalenak egiten duten grafiti antzekoa gehi Katzak dj moduan sartzen duen musika.

 

Bilaketa